Hemen zaude

Ondarroan VI. Topaketa Feministak

Subscribe to Sindikatu

Alternatiba feminista: Euskal Herri osoari eta herritar guztiei begirako ekarpena

Euskal Herrirako Alternatiba Feminista eraikitzera goaz, sexuen zapalkuntza patriarkala gaindituko duen jendarte eredu berri bat sortzeko, elkarrekin, errespetuan eta aitortzatik eraiki beharko duguna. Eta hau ez da emakumeontzako alternatiba, baizik eta emakumeok Euskal Herri osoari begira mahaigaineratuko dugun alternatiba, denontzako ekarpena

Ba al dago arrazoirik hilaren 13an Ondarroan egin behar diren Topaketa Feministetan parte hartzeko? Uste zabala da aurrerapauso handiak egin ditugula azken hamarkadetan, baina horrela al da benetan?

Herrian ekimen bat antolatu nahi dugu. Mirenekin data bat lotzeko komeriak pasatu nituen: egunero dituen hiru lanpostuetatik ateratzen denean, etxera ziztu bizian joan behar du. «Normala» da, umeei etxeko lanak egiten lagundu eta afaria prestatu behar die. Larunbat gauean aparteko orduak egiten dabilen tabernatik pasatuko naiz, zerbitzatzen ibiliko den kaña artean ea zerbait bururatzen zaigun.

Eider laneko atzeko atetik irteten da azkenaldian. Mikel lankideak ez ei du onartzen berarekin zerbait hartzera joan nahi ez izatea. «Normala» da. Lankideek diotenez, konfiantza gehiegi eman zion lanean hasi berritan eta Mikel gaixoak gaizki ulertu zuen. Nagusiari kontatu dionean, arazo pertsonalak lantokitik kanpo uzteko eskatu dio.

Gaur da kobratzeko eguna Edurneren lantokian; Gorka, Mikel eta Josek aparteko sobrea jaso dute gaurkoan ere. «Normala» da. Gizonak ei dira etxeko ekonomiako arduradunak eta, soldata hoberik jaso ezean, nola mantendu etxekoak?

Ana Lucia, nire auzokide zaharra zaintzen duen neska ekuadortarrari, bihartik aurrera lanera ez bueltatzeko esan diote. Merkeago egingo duen beste andre bat topatu ei dute, kasu honetan ere kontratu barik. «Normala» denez, beste andre honek ezin izango ditu paperak lortu eta poliziari ihesi eta ilegalitatean biziraun beharko du.

Oihanak espetxean dagoela ekarri du alabatxoa mundura. Ez dira gutxi horrelako egoeran umea ekartzea berekoikeria hutsa dela esaten dutenak. Igandean nahi diot bisita egin, baina espetxeak egiaztagiririk eman ez eta lantokian trabak ipini dizkidate. Jaieguna izan arren, krisian gaudenez, saltokia zabaltzera behartu gaituzte. «Normala» ei da.

Baina egoera horiek guztiak, benetan al dira normalak? Horrelako milaka ikusten ditugu geure inguruan. Batek baino gehiagok esango luke horietako asko krisiaren ondorio direla eta krisia bai andreok bai gizonek pairatzen dugula. Baina errealitate hauek arinagokoak dira. Krisiak sortu baino, guztiz areagotu ditu.

Miren, Eider eta Edurnerekin geratu naiz topaketara joateko eta nork bere ikuspegiaz osatu ahal izango dugu emakumeon egoeraren diagnostiko zorrotza. Zoritxarrez, Ana Lucia eta Oihana ezingo dira etorri, baina euren errealitateak ere presente izango ditugu. Jostorratzak dantzan ditugula diogu aurtengo leloan, sare feminista josten jarraitzea ezinbestekoa baita. Beraz, topaketek balio garrantzitsua dute euren horretan, esparru ezberdinetako emakumeak elkartu, elkar ezagutu eta gure artean ideiak trukatzea bideratzen dute eta.

Baina, era berean, aurtengo leloan Euskal Herriaren burujabetza feministarantz goazela ere badiogu. Izan ere, hausnarketa konpartitu hauetan oinarrituta, Euskal Herrian burujabetza feminista bateranzko ibilbidearen oinarriak zehaztu eta borroka feminista norabideratu nahi dugu.

Euskal Herriak jasaten duen gatazka politiko-sozialean benetako demokratizazio prozesua eraiki nahi badugu, ezinbesteko baldintza da gizon eta emakumeok parekidetasunetik jardutea. Herritarroi eragiten diguten gai guztietan herritarrok erabakitzea gakoa da, gutxi batzuek gure ordez eta gure kontra erabakiak har ez ditzaten. Hau, ordea, nekez lor dezakegu «euskal herritar» diogunean, horien erdiak baino gehiagok erabakietan parte hartzea galarazita dugula edo bigarren posizio batetik abiatzen garela ahazten badugu.

Eta bai, esparru politikoan eragin nahi dugu. Gure herriaren erdiaren zapalketa estrukturala lehen mailako arazo politikoa delako. Baina gure helburua ez da eskaeretan gelditzea. Emakumeok subjektua gara, eta subjektu aktiboa, gainera. Eskaera baino, ekarpena egin nahi dugu eta egin egingo dugu.

Euskal Herrirako Alternatiba Feminista eraikitzera goaz, sexuen zapalkuntza patriarkala gaindituko duen jendarte eredu berri bat sortzeko, elkarrekin, errespetuan eta aitortzatik eraiki beharko duguna. Eta hau ez da emakumeontzako alternatiba, baizik eta emakumeok Euskal Herri osoari begira mahaigaineratuko dugun alternatiba, denontzako ekarpena.

Askotan esaten dugun legez, aldaketa feminista izango da ala ez da izango. Beraz, feminismotik Euskal Herria aldatzera goaz. Honek errotiko aldaketa ekarriko du, emakumeontzat ez ezik, euskal herritar guztiontzat ere bai. Eta sasoia da honek dauzkan potentzialitateak eta denoi ematen dizkigun aukerak ulertzeko eta baloratzeko.

Beraz, bai, mila arrazoi baino gehiago ditugu Ondarroan datorren larunbatean egingo diren topaketetan parte hartzeko.

Zaloa Ibeas de la Cruz eta Izaskun Garcia Bordagarai

LABeko emakume idazkaritza

http://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/gara_2014-12-09-06-00/hemeroteca_articles/alternatiba-feminista-euskal-herri-osoari-eta-herritar-guztiei-begirako-ekarpena

http://2014topaketafeministak.net/

Kaixo neskak!!!!
animatu eta etorri Larunbatean Ondarrura. Gogoratu goizeko 09:00tan sarrera ondoan geratu garela etorri nahi baduzu!!!

Hemen duzue informazio guztia: aurkezpena, egitaraua, irakurgaiak, izen-ematea... Ondarruan ikusiko dugu elkar, egitarau oparoa prestatu dugu! kuxkuxeatu!

Spota ikusgai

GORA BORROKA FEMINISTA!


Kaixo neskak!
Animaros y venir el Sabado a Ondarrua, recordar que si quereis hemos quedado a las 09:00 en la entrada!!!

Aquí tenéis toda la información: el programa, la inscripción, la presentación de las jornadas... toda la información. Habrá servicio de traducción.

Compañeras, nos veremos en Ondarrua!
El spot de las jornadas.

GORA BORROKA FEMINISTA!