Hemen zaude

DIRU PUBLIKOA ZERBITZU PUBLIKOETARAKO, EZ ESPAINIAR BANKA ERRESKATATZEKO. BURUJABETZA EKONOMIKO ETA POLITIKOA ORAIN!

Subscribe to Sindikatu

Atzo goizean 60 lagun inguruk osatutako zerbitzu publikoetako LABeko ordezkari talde batek Bilboko BANKIAko sukurtsal bat okupatu zuten.

Ekintza honen helburua diru publikoa espainiar banka erreskatatzeko erabiliko dutela salatzea izan da.

“Erreskate” honen ondorioak berriro ere langileok ordaindu ditzagula bilatzen dute espainiar banka eta ordezkari politikoek.

Gaurko ekintzaz LABeko kideok gure protesta azaltzearekin bat Euskal Herriak egoera honetatik ateratzeko bidea burujabetza ekonomiko eta politikoa dela aldarrikatu dugu.
Espainiar banka egoera honetan badago espekulazio eta “pelotazoan” oinarritutako garapen ekonomiko fikziozkoaren aldeko hautua egin zutelako da, banka eta akzionisten irabazi gose aseezinean dago gertatutakoaren ardura; ez da zilegi berau langileok ordaindu dezagula, are gutxiago Euskal Herriko langileok.

“Erreskate” hau ez du bankak ordainduko, ezta hurrik eman ere! Europak jada Espainiar Estatuari murrizketa neurri gehiago hartu ditzala exijitu baitio. Honek esan nahi du, beranduago baino lasterrago, soldatak, pentsioak eta prestazioak jaitsiko dituztela, zerbitzu publikoak murriztu eta desmantelatzean neurri berriak hartuko dituztela, …
Honek esan nahi du ez dela ez Europa ezta Rajoy ere espainiar banka erreskatatuko duena, diru publikoaz erreskatatu egingo da eta honebestez euskal langileok. Ez gaude inondik ere horretarako prest.

Egoera honen aurrean euskal langileok alternatiba bakarra dugu, Madrildik datorren gure etorkizun ekonomikoaren gainbeherari aurre egiteko alternatiba justu eta eraginkor bakarra gure bide propioa egitean dago, burujabetza ekonomiko eta politikoaren bidez bestelako garapen eredu bat bultzatzea.

Hauxe da LABen hautua, eta hautu horren arabera LABek norabide honetan lan egiteko borroka eskaintza bultzatuko dugu. Gaurko ekintza ere norabide honetan kokatzen dugu.
Bertako gobernu eta instituzioei ere mezu argia luzatu nahi diegu gaurko ekintza honen bidez: ez dezatela onartu gure diru publikoa espainiar bankaren erreskatera zuzentzea, eta krisialdi egoera honetatik aterako bagara zerbitzu publikoak garatzeko eta enplegu publikoa sortzeko inbertsio soziala egin dezatela.

DIRU PUBLIKOA ESPAINIAKO BANKUEI???

ZERBITZU PUBLIKOAK GARATU!